XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edozein laguntza mota behar badu, agindu besterik ez du.

Ezezkoa egin nion buruaz, liburua airean astinduz:

- Ez daukat, bada, hemen hona ekarri nauena?

Zertarako hartu neke gehiago? -eta liburua zabaldu nuen berriro.

- Bai, arrazoi du, zertarako hartu neke gehiago... -esan zuen fraile kaskantak irribarretsu.

Bat-bateko haizeak zorabiaturiko orbelaren gisa, hantxe geratu nintzen, txunditurik eta kaskail, liburua eskuetan.

Harrokeria izan liteke nire aldetik, baina poza sentitu eta barrena lasaitu zitzaidan gero, lehen momentuko harridura gainditu bezain sarri: ustekabeko aurkikuntza baten imintzio baldar hura (ez Aba Yakuek ez inork sinets zezakeen nik irents nezakeenik ikur-elearen bigarren zatiarena) nire armarritzat hartzea erabaki nuen instant hartan bertan, abisu ezin egokiagoa baitzen, izurri zein etsai, nire erabakien oztopo ororentzat: egizue ihes kontrarioek, elkarrenganatzea heriotza gerta ez dakizuen.

Halabeharra ere alde, Erregegana joateko tenore nuen.

Gogo guztia izurritearen gorabeheretan, ahantzita eduki nuen aste osoan Errege, eta dagoeneko, harrituta egon behar zuen, noski, nire destenoreaz, Mikaleten errotako gorabeheren txostenaren zain.

Astebeteko luzamendua ez zen batere ohikoa, baina banuen zerez gozatua Errege: txostenarekin hasi ordez, izurritearen berri ematen hasiko nintzaion.

Ikustekoa izango zen haren aurpegia!

- Ikur-elearen bigarren zati horrek bete-betean ase du nire jakinmina -esan, eta liburua itzuli nion fraileari.

Fraile kaskantak monastegiko ate nagusiraino lagundu ninduen (...).